XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Apiril biribila, maiatza bizi guzien ama (I)

Usario zaharrean, apirila da negu eta uda bitarteko muga.

Bera da urtearen zilborestea, bizitzaren zubi ezkutua.

NERETZAKO apirilak halako lilura berezia izandu du betidanik.

Nerone martxokoa naiz, eta behar bada, horrexegatik izanen da.

Izan ere, gure herri sinismen zaharrak erakusten zuenez martxoa gizonarena baitzen, eta apirila berriz, emakumearena.

Eta jakina, ar emeen arteko ardaila zoragarri honetan, ni hark likuratzen.

Gauzak horrela, ni neroni kontura gabe, sinbologia zahar baten agindupean bizi ote naizen idurituak hartu nau.

Eta irudipen hori biltzen duen sarea urratzea erabaki dut gaurkoan, handik eta hemendik tiraka; eta bidenabar gorazarre eginen diot apiril biribil zoragarriari.

Esan bezela, irudimenak apirilaren inguruan ehundu didan sare zahar hau urratzen hasi naizenean, harako T.S. Eliot-en poema hartara eraman nau hari mutur batek.

Honako holatsu da euskaraz, poema haren hasiera:

Hilan ehorzketa
Apirila da hilik krudelena,
Lur hileko lilak hazten,
Oroimena eta desira nahasten,
Zain iharrak euriz hezatzen.
Neguak bero mantendu gintuen,
Lurra elur ahanzkorrez estaliz
Bizitz apurra ñiñiku galduak jaten.
Udak ustekabean harrapatu gintuen,
Euri zapar baten ailegeran, eta
Gero eguzkiaren argian segi genion.
(...)

Bi muga nagusi

Apirila berez udaberrian sartzen den hila bada ere, poema honetan ez dira negua eta uda baizik aipatzen, herioa eta bizia bailiren.

Aintzinako euskaldunek, zeltek eta Europa zaharreko herri guziek bezalaxe, urtea bi muga nagusitan banatzen zuten: udalen/udazken, edota bedats/larrazken; eta orohar denbora neurtzeko erabiltzen ziren atzizkiez hornitzen zituzten bi muga hauek, hasieran: udalehen / udaberri / udaste / bedats, erdian: udamin / udabiotz / udardi eta bukaeran udatzen / udazken / udagoien erabiliaz.

Denbora neurtzeko era honek usario izugarria izan du euskaldunon artean, hala nola, gaulehen, gauerdi, gauberandu

goizlehen, goizerdi, goizberandu eta beste antzeko kaso askok ederki erakusten duten bezala.

Nere iduria da, denboraren euskal neurkera zahar honetan, apirila dela neguazken eta udalehen bitartean gelditzen zen hila, eta horregatik, usarioz izan duen sinbologia sagratua, heriotzaren eta bizitzaren arteko muga, erdi hilik lozorroan pasatako negu beltzetik udako bizipoz berrirako zubia.

Ez da nere irudia bakarra, gauza jakina baita, Europa zaharreko kulturan maiatzaren aurrenean egiten zela udaberri hasierako festa.

Egun haundi honi, Cétsaman deitzen zitzaion irlanderaz; eta azaroaren aurrenean egiten zen aurkakoari, Samhain deitzen zitzaion.

Beraz, ez da harritzeko kontua, herri siniste zaharretan apirilak halako inportantzia izandu izatea.

Urtearen neurketa zaharraz, hamarrekoaz alegia, Mikolas Ormaetxeak honako argitasun hau ematen du, Euskaldunak poemako 189. orrialdean: Aintzina-aintzina urtea Martxoz asten baitzan.

Ortatik, September, October, November, December, urtearen zazpigarren, zortzigarren, bederatzigarren eta amargarren illak.

Iaunarius eta Februarius geroz, aurretik erantsiak ditu.

Baina, kontu honek, urtea bitan banatzeko usario zaharra baino franko gerozkoa dirudi.

Nik etxean ikasi ditu.

Apirileko muga sagratu hau onik iraganez gero pozik izaten omen ziren garai bateko nekazariak.

Ordurako, aurreko urteko uzta bazka janariak bukatuxeak izaten omen zituzten, eta apirila txar joanez gero akabo!

Nik hala ikasi izandu dut behintzat aitagandik: apirilak erabakitzen zuela, edo akabera, edo beste urte baterako bizia.

Urtaroaren urrialdi eta larrialdi horretan hartzen dute beren zentzua honako euskal esaera zaharrok ere: apirila onik nahi baduzu ikusi / ehun urtez beharko duzu bizi.

Seinale, jeneralean txarra egiten zuela; onik ateratzeko zaila izaten zela; izanez ere, muga guziak izaten bait dira gaitz.

Beste esaera zahar batek hala dio: Apirila biribila, urdea urdandegian hila, alegia, apirila txar eginez gero, etxeko azindak goseak hiltzen zituela.

Apirila biribila esanera hutsa ere, maiz erabiltzen da gaur oraindik eta noski, apirilaren izakera bihurria adierazten du biribil horrek: batean onera bezala bestean txarrera jo lezakela, alegia.

Azkuek jaso zuenez, Nafarroa eta Gipuzkoako mugan, Orixe haundiaren sorterri izan zen Orexa ttikian, Martxoak hala esan omen zion Apirilari: Apiril biribil, ekartzik egun bi.

Eta Apirilak erantzun: Ai! Martxo, Martxo; ar zak esker gaizto.

Nere ardirik kaxkarrenak egiten dizkik zazp salto.

Baztan aldean ere, aski ezagunak izan dira Martxoaren azkeneko eta Apiril aurreneko zozomikote egunak.

Inondik ere, muga gaizto horren eta bizitzaren zorialdatzearen zaharra ospatzeko bide zirenak.

Sinbologi giro honetan ulertzeko dela uste dut Sarrionandiaren poema eder hau ere, agian, aurrez aipatua dugun Elioten hura gogoan zuela burutu izanen dena.

Poema honi, norbaitek Gabriel Aresti zenaren poemaren baten kutsua ere hartu izandu dio.

Ez dakit ordea, zein poemarena.

Izan ere, hain dira argiak gure literatur kritikariak:

Apirilari gorazarrea
Apirilean du laborariak garagarra,
lursagarra eta bazkabelarra ereiten.
Apirilean du soroa ureztatzen,
mahastiak estekatu eta aberaskak garbitzen.
Apirilean halaber, estalarazten du behorra,
eta begiratzen mendiko larreak,
urteko larretik lehunenak.
Eta zer gehiago apirilean? Haltzen eta
atso ederren isladak aintziretan,
alderantziz eta kulunka, maitaleenak ere.
Eta zer gehiago apirilean? Usapal itsuak
laztandu ahal dira, eta hurruntzen soegin
erreka haziak daraman idi itoa.
Eta zer gehiago apirilean? Ostatuetan
horditzen dira indiano zaharrak, eta aisa
erazten dira gauetan nesken alkondarak.
Apirila ez da ilarik atseginena,
baina krudelena ere ez.
Eta ez diot gorazarre gehiago eginen.

Ez ote da poema hau, egilea bera heriotzaren eta bizitzaren arteko kinka larrian zebilela egina?

Ez ote du poema honek egilearen beraren apirila partikularra sinbolizatzen?

Ez ote zuen garai hartan biziarrisku zebilenak bere egoera larria azaldu nahi izandu honako hau esatean: Apirila ez da ilarik atseginena, baina krudelena ere ez.

Ez ote dago kontraesan hau, heriosurrean zebilela bere buruari kontsolamendu modura esana?

Larri ibili.

Poema honek halare, Jean Piarre Duvoisin kapitainaren Laborantzako Liburuko pasarte honi zor franko badiola esanen nuke.

Urtero hilez hil zer egin behar den azaldu zuen ainhoar idazle argiak, eta hemen guri dagokigun hil biribilaz honela dio:

Apirilean
Garagarra, lur sagarra eta bazka berdeak ereitea.
Soroak ureztatzea. Hauts kaldarra ematea.
Mahastiak estekatzea eta haizurtzea.
Zaldibabak galtzaratzea.
Baba hazkarregiei kapetak moztea, gal ez
dezaten lehenbizko lorea.
Jorratzeak, aratzeak eta saratzeak abiatzea.
Mindegiak artatzea.
Erle kofoinak garbitzea.
Behorrak estalaraztea.

Honen kutsu nabari duela dirudi, goiko Sarrionandiaren poemak.

Apirilaren kontuarekin segituz, Nafarroako ezkurraren eroskor fama gauza jakina bada ere inguruko herrietan, apirilaren gaitzeste honetan ez zebiltzan batere ero.

Hala esaten omen zuten ezkurrarrek: apirila kendu egin behar zela, aurreneko hamabost egunak martxoari eta beste azken hamabostak maiatzari erantsiz.

Beren eroan, inori gogoan pasa ez zitzaion irtenbide egokia asmatu zuten, mundu guzia bildurrak aidean jartzen zuan apirila latz hura behin betikoz burutik kentzeko.

Itxura denez ordea, inork ez zien aintzakotzat hartu.

Hasieran esan bezala, apirila, usario zaharrean, negu eta uda bitarteko muga deneko beste adierazgarri, R.M. Azkuek Behe Nafarroan bildutako sineste honetan ere aurki daiteke:

Martxoa gaixto yoaiten bada, emaztekiek gizoner erraiten dakote: Horra gizonen putar ostikoak.

Eta gizonek apirila gaixto doanean, emaztekier: Horra emaztekien gaixtakeriak.

Erraite hau ere bada gune artean: Martxoa gizonena, apirila emazteena.

Horrez gainera, Martxoko oilar gorriak, gizontasunaren, artasunaren eta indar izpiritual gotorraren sinboloa hartzen du gure herri sinestean, lami eta sorgin emeen erasotik edo tentalditik herria bebesten duena.

Honen adierazle genuke, esate batera, Azkuek Diman jaso zuen sineste hau: Behin, norbait deabruak estu eta larri erabilela, erregu hauxe egin eban: Martiko oilartto gorria, oraintxe nigaz akordatzen ez bazara, badoa nire bizia.

Kukurruka egin eban orduan oilarrak eta gaizkina bere bidean joan zen.

Honexetara dator larrialditan maiz erabiltzen gisa bereko erregu hau ere: Martiko oilartto gorria: izan zakidaz balia.

Negua arrarena, uda, emearena.

Sinbologia honen hariari segiz, negu beltzaren izakera gizonari, arrari, hobeki datorkio; uda zurikoa berriz, emakumeari, emeari.

Gainera, negu isilean ernalduko da lur beltz goroztua eta ernaldu beti arrak egiten du; eta udaberrian umatuko, eta umatu beti emea egiten da.

Beraz, martxoan bukatuko den negu beltz bizkor hazijartzailea, gizonak sinbolizatuko luke; eta apirilean hasten den uda gozo frutuemailea, berriz, emakumeak.

Bestalde, giza gogoan beti emea dela dirudien edertasuna ere sinbolizatzen du apirilak, euskal usarioan hain erabiliak diren, apirilako larrosa baino ederragoa eta antzeko esaneratan.

Eta gazteleraz zer esanik ez, estar hecho un abril, estar en el abril de la vida eta antzekoetan, edo harako poeta kastillanoaren muchacha de veinte abriles zelako hartan bezala.

Horra hor beste esanera, apirilak urtemuga dirudienekoa.

Dena den, esaldi hauetan, edertasuna, gaztetasuna eta berdetasuna guziak batera adierazten dira.

Baina, arrotz egiten da, muchacho de veinte abriles aditzea, eta baita, apirileko larrosa baino ederragoko mutila euskaraz aditzea ere.

Euskaraz loraila ere baden apirilaren emetasun, edertasuna eta gaztetasun horrek badu emetasun zantzua, eta baita zentzua ere.

Hain zuzen ere, bizi berriz lore ederretan ernatzen dena, amalurra bait, eta ez aitalurra.

Emea alegia, eta ez arra.

Bada beste sineste aski zabaldurik ere, apirila eta euria uztartzen duenik.

Esate bateko: Apirila euritsu, urte hura ogitsu; edota, aurrekoaren kidetsuko beste hau: apirila eurite, urtea ogite.

Kastillanoz ere tankera beretsuan esaten dira abril, aguas mil eta antzekoak.

Ura noski, bizitzaren sinboloa da, bizindar berriaren sinboloa.

Beraz urtea, hots, euritea, ez ote zen apiril inguruan hasten euskal siniskera zaharrean?

Zergatik gorde da orduan urtegarai honekiko sinestea eta erritmoa?

Gauzak horrela, eta euskal sinismen zaharraren ariora, apirila da urtearen zilborestea, bizitzaren zubi ezkutua, heriotza bizi berriaren ongarri bihurtzen denekoa, urte guzian metatutako gorotz pilak, edo hobeki esan, heriotz pilak, bizitzara bihurtzen direneko garaia.

Horregatik euskal usario zaharreko urtemugarik sagratuena.

Heriotzaren sabel beltzetik bizitzaren kimu zuriak sortzen direneko miraia.

Heriotza bera bizi berriaren ongarri gozo deneko garaia.

Zerua urtuz lurtzen deneko garaia.

Horregatik apirila biribila.

Bizitzaren eraztun urdina apirilak ixten baitu urtero.

Apirilari gorazarre eginez, horregatik esaten du poetak gozoro:

Biziak atergabeko burruka ari du, eta sekulan ez du galtzen.

Neuk ere apirilari nahiko gorazarre egin diodanez, eta gaur hain zuzen maiatzean sartuak garenez, bizi guzien ama den maiatzaren zer-nolakoak azalduko ditut ondoren.

Gaur ez, hurrengo astean, hurrengo kapituluan.